Zer nahi du Muskizek?
((berria egunkarian argitaratuta, 2009-03-27 (Erredakzioan itzulia)))
Zentzurik ba al du Muskizko bizilagunei galdetzea koke plantarik nahi duten? Horixe galdetu nahi baitie Meatzaldea Bizirik elkartekoek.
Sortu den modua du bereizgarri nabarmen eskari horrek. Herritarrek eskatu dute kontsulta egitea, legezkotasunak dakarzkien bideak baliatuta. Ordezkaritza alorraz harago doan eskaria da, eta alderdien arteko borroketatik at dagoena. Kalean sortua da, eta kaleko jendeak helarazi du instituziora, sinaduraz sinadura; eta, han, errefusatu egin dute udal boterea beren esku duten agintari gehienek.
Meatzaldea Bizirik taldeak ez du koke plantarik nahi. Muskizek ingurumen eta osasun zama handia hartua du bere gain, Petronor dela eta; eta Muskizko bizilagunetako askok ez dute nahi hura areagotzerik. Haien ezezkoak, baina, ez du solaskiderik aurkitu.
Antza denez, datu asko dago frogatzen duena ekoizpen jarduera horrek osasunari ondorio kaltegarriak eragiten dizkiola. Horrexegatik, hain zuzen ere, plantaren kontrakoek ardura baliatu nahi dute irizpide gisa, luze gabe eta atsekabealdiaren atarian-edo ezarri bide nahiko lituzketen bestelako irizpideen gainetik. Halakoa izanik egoera, elkartekoek proposatu dute informazioa ematea aurrez aurre dauden jarreren inguruan, eta eztabaida bitartez alderatzea. Eskura duten informazioari jarraiki, nolanahi ere, aldagaitza da haien jarrera: ezetz diote koke plantari.
Instituzioen iragazki guztiak pasatzen ari da Petronorren proiektua. Esan liteke lurralde ugaritako instituzioen babesa bereganatu duela: tokian tokikoena nahiz tokikoez gainetikoena. Bateko eta besteko ordezkariek hartua omen dute erabakia, horretarako zilegitasuna baitute. Ordezkari politiko gehienen artean halako oniritzia duen proiektu bat izanik, ba ote dago inolako arrazoirik hari buruzko iritzia galdetu nahi izateko Muskizko herritarrei? Muskizko herritarrek ba al dute inolako zilegitasunik dagozkien agintariek erdietsitako proiektu bat errefusatzeko?
Lehen-lehenik, kontuan izan dezagun koke plantaren inguruko proiektua ez dela edozein proiektu; aitzitik, eragin handiko proiektua da, eta, horrez gainera, tokiko bizilagunei ingurumen eta osasun zama inoiz baino larriagoak jasanaraziko dizkiena. Auzokoen artean batik bat kontrako jarrera sorrarazi du proiektu horrek -politikari dagokionez, oposizio transbertsala-, gehiengo politikoari kontrajarria zeharo, ez baita batere sentibera tokikoen iritziarekiko. Alde horretatik, kontrajarrita daude instituzioen zilegitasuna eta herritarren adierazpen argiaren zilegitasuna, herritarrak izaki subiranotasunaren azken subjektuak. Ez da lehengo aldia instituzioen zilegitasuna eta haiek ordezkatzen dituzten herritarren borondatea kontrajartzen direna. Eta ez da azkeneko aldia izango. Gizarte eredua dago jokoan, hein batean, baina batik bat demokrazia eredua. Instituzioak eta herritarrak kontrajarri izanari, berriz, irtenbide bakarra eman dakioke: subiranotasunaren azken hartzailearen adierazpena sustatzea, alegia, herri kontsulta. Tokiko herritarren iritzia jakitearen alde dagoen elkarte aurkariaren helburua, beraz, demokrazian oinarriturikoa da.
Zilegi al da proiektu baimendu bat errefusatzea? Zilegi al da ezartzea proiektu bat, zuzenean erasaten dien biztanleen gogoz kontrara, erabakiak hartzen dituztenen borondatean eragiteko gaitasun pribilegiatua izate hutsagatik? Interes ekonomikoen inperioaren mendeko izatea edo ez izatea, hori da kontua. Zilegitasuna kentzea giza eskubideekiko begirunetsua izan den borondateari, askatasunean eta berdintasunean adierazitako horri, eliteen tirania ezarri nahi izatearen parekoa da. Hori garrantzizkoa da. Botere ekonomikoak bete-betean erabiliko dira haien pribilegioak aldezteko. Badituzte horretarako baliabideak. Eredu kontrajarriak ditugu aurrez aurre, guztien interesa definitzeko orduan: batetik, guztien interesa azkenean instituzioek definitzen dutela uste duen eredua; eta, bestetik, interes orotariko hori behin-behinekoz eta modu iraunkorrean definiturikoa dela uste duen eredua, askotariko deliberamendu demokratiko baten ondorio dela uste duena.
Baldin eta inolako zentzurik badu orotariko interes hori eratzea taldean, eta behin-behinekotasunik behin-behinekoenean, orduan baloratu ahal izango dugu halako erabakiei dagozkien ondorioen benetako zama. Horretarako, biztanleen zerbitzura jarri beharko dugu ekonomia, eta ez biztanleak ekonomiaren zerbitzura, orain gertatzen den moduan. Koke planta gizartean beharrezkoa izango balitz ere, eta hori behin-behinean baino ezingo dugu erabaki ezagutza eta jakintza guztiak parez pare kontrajarri eta gero, erabaki horren zamak -eta eragozpenak- elkarren artean banatu beharko genituzke; eta, antza denez, Muskizek ordaindua du bidesaria. Guztiok onartzeko prest gauden eredu ekonomiko-soziala denon artean definitu artean, bada, Muskizko bizilagunek erabaki dezatela. Aldiz, proiektua aurrera eraman ezean itxi egingo dela esatea, «hartzaren besarkada» ematea bezala da, eta demokraziaren kontrako irizpideetan oinarritzea, ez baititu kontuan hartzen erabakiak berekin dakartzan alderdi guztiak: gizartean eratutako interes orotarikoa eta zamen banaketa. Ez du denak balio.
Azkenik, eta XVIII. mendeko pentsalari bat parafraseatuz, hauxe proposatuko nuke etorkizunerako: lege unibertsal bihurtu nahiko genukeen joko arau baten arabera jardutea, alegia, ez opatzea besteri inork bere buruari opatuko ez liokeenik.
Epi Zurimendi, EHUko Parte Hartuz elkarteko kidea
Meatzaldea Bizirik no quiere la planta de coke. Muskiz ya ha asumido demasiadas cargas medioambientales y sanitarias generadas por Petronor, y muchos de sus vecinos no quieren incrementarlas. Sin embargo, su negativa no ha encontrado interlocución.