hitzak

hitzak

zenbat buru hainbat aburu

hitzak RSS Feed
 
 
 
 

Posts tagged hauteskundeak

Ikusgai, ikasgai

((berria egunkarian argitaratuta 2009-03-04))

Gogoetak. Eta zalantzak. Hona igandeko hauteskundeen inguruan pilatutako zenbait burutazio apal, argitzeke dauden zenbait inkognita.

Erretratua

Edozein behatzaile objektibok badaki igandeko hauteskundeetatik atera den argazkia ez dela erreala. D3M plataformak 100.000 boto izan ditu. Zazpi eserleku. Berez, bai; baina legez-kanporatzea dela medio, ez; beraz, ez. Jarleku «ikusezin» horiek aintzat hartu izan balira, Gasteizko Ganberan bozka abertzalea nagusi izango litzateke; beste behin ere, beti gertatu den moduan. Baina ez da izango.

Gobernagarritasuna

Patxi Lopez ausartuko al da gobernatzera PP eta UPDren eskutik? PSEk emaitza ona izan arren, ez du lortu lehenengo indar politikoa izatea. Asko falta izan zaio. Fronteetan ez omen du berak sinesten. Espainian PSOE eta PP etsai amorratuak dira, elkarri mokoka ari dira. Hego Euskal Herrian elkarrekin gobernatuko balute (Nafarroan Alderdi Sozialista UPNrekin ari da -atzo arte PPren bazkide izan denarekin-), beraiek frogatuko lukete Euskal Herria salbuespena dela; Euskal Herria ez dela Espainia, alegia. Lopezek badaki Basagoitiren eta Rosa Diezen laguntzak prezio bat duela. Balizko itun horrek ordaina izango luke Madrilgo Kongresuan (boto jeltzaleen agurra). Blancok iragarri du: «Bizikidetzan eta ez frontismoan oinarritutako gobernua lehenesten dugu». Ikusi egin behar.

Lehendakaria

Demagun, Lopezek uko egiten diola akordio konstituzionalista horri. Demagun nahiago duela EAJrekin akordiora iristea. Eta Ibarretxek? Onartuko luke hori? Hauteskunde gauean oso sintomatikoa izan zen Iñigo Urkulluren protagonismoa; alderdiaren presentzia. Bera izan zen lehena hitz egiten. Amaitu eta gero, denek alde egin zuen taula gainetik. TBri begira geundenok harri eta zur. Eta Ibarretxek? Ez du hitz egin behar? Berriro bueltatu ziren oholtzara. Eta berriro Urkulluk hartu zuen hitza; bigarrenez. Gerora, eta jarraitzaileen eskariz, hartu zuen hitza Juan Jose Ibarretxek. Protokoloa? Antolaketa txarra? Nor zen hautagaia? Nork hitz egin zuen alderdiaren beste ekitaldietan? EAJren garaipena Ibarretxeren garaipen pertsonala izan da. Onestasunaren irudia transmititzen jakin izan du. Gaztelaniazko debatea nabarmen garaitu zuen (ez ordea euskarazkoa). Hau ez da izan Urkulluren garaipena, baina bere presentzia inoiz baino nabarmenagoa izan da. Non zegoen Egibar?

Ezker abertzalea

Aralarrek emaitza oso onak lortu ditu: 62.000 boto eta lau eserleku. Ezker abertzale historikoaren botoak jaso ditu. Aintzane Ezenarro bozeramaile ona da. Berak irabazi zuen euskarazko debatea ETBn, inolako zalantzarik gabe. Aralarrek, dagoeneko, frogatu du ezker abertzalearen balizko birfundazioa, nahitaez, bere ardatzetik ere pasatu behar dela. Batasunak ez du hori inoiz onartu nahi izan. Bazterrean utzi du ahal izan duen guztietan. Balizko birfundazio horren beste ardatza, oraingoz nagusia, Batasuna da. D3Mk lortutako emaitza ere kontuan hartzekoa da. Ezin da ohiko parametroetan neurtu. 100.000 boto jaso izanak sekulako meritua du. Baldintza epikoetan lortu ditu. Baina epikak gero eta gutxiago erakartzen du. Zein urrun dagoen Kamerun. 1998: Euskal Herritarrok 244.000 boto Euskal Autonomia Erkideagoan.

Igandeko emaitzok beste premia bat utzi dute agerian: ETAren amaiera zenbat eta beranduago izan, orduan eta zailago ere balizko ezker abertzale zibil eta zabalaren birfundazioa abiatzeko aukera. EAk apustu garbia egin du. Burujabetzaren alde. Ibarretxeren efektuak porrota ekarri dio. 38.000 boto baino ez ditu lortu. D3M, Aralar eta EAren artean 200.000 boto dira, hirugarren indar politikoa. Baina… betikoan gaude, ohiko gurpil zoroari begira, ziklo armatua noiz amaituko den zain. Zain?

Bizkitartean, Biba Durango! Lopez lehendakari. Edo ez. Igandean ikusezina geratu zen ikusgai. Eta ikasgai

Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea

Kainismo politikoa

Oraindik baten batzuek sinesten genuen (lañoak ginen gero!) ezen ETA, Ezker Abertzalearen zati handi baten ekimen-ahalmena loturik daukana, nora ezean ibili arren, nora ez politiko horrek mugak izango zituela.

Beste leku batzuetan dagoeneko gertatu da, bai, besteak beste, Palestinan eta Txetxenian: fundamentalismoa eta estremismoa, estatuek behar bezala bultzatu eta erabiliz gero, herriaren etsai handienak bihurtu dira, haren alde egin nahi izan badute ere.

Euskal Herrian, itxura guztien arabera, ekimen politikoa besteren eskuetan utzi zutenen kontrako bihurtu da dena. Ematen du, era berean, pertsona horiek, Ezker Abertzalearen barne-eztabaidan oso garrantzitsuak ziren garai batzuetan, logika politiko-militarretik etekina atera zutela, logika hori nagusi baitzen bertan. Orain beren estrategiaren biktima dira. Belaunaldi berriek, kainismo politikotik behar bezalako fundamentalismoa hartuta, murriztu egiten dute ahalmen handiena duten buruzagien ekimen politikoa. Logika politiko-militar horren azpian egoteari garai batean uko egin genionok eta logika hori agortuta dagoela ohartu direnek ondotxo dakigu ETAren borroka armatua lehenbailehen bukatu behar dela. Badakigu, orobat, gure herria independentziara eramango duen bidea politikoa baizik ezin daitekeela izan eta Ezker Abertzalea demokratizatu gabe indarrak batzerik ez dagoela. Gizarteak, instrumentalizazio guztien gainetik, amnistiaren aldarrikapena bere egiteaz batera, presoak kalera aterako dira. Ezker Abertzaleko “aztiei” hamaika elkarrizketa egiten zaizkie, eta elkarrizketa horietan asmo kitzikagarriak agertzen dituzte, marketina darien asmoak, baina politika errealaren aldetik batere edukirik ez dutenak; hala eta guztiz ere, dena argi dago.

Baina orain nola hausnarrarazi buruzagi politiko horiek, eremu politiko oso baten ekimen politiko eta psikologikoaren jabe direla badakiten horiek? Amildegia hortxe bertan dago. Gehiengoa abangoardiari gailentzeko gauza izango al da? Nekez. Irlandan ez bezala, egoera tamalgarri honetan estatuek ez dute barneko adostasuna bultzatu nahi, negoziazio aldi berri bat bideratze aldera. Itxaron nahiago dute, fruta heldua berez jauzi arte.

Bitartean, kalkulu politikoan egindako errakuntza izugarria agerian geratu ondoren, orain denbora irabazten saiatzen ari dira. Estatuen erantzun antidemokratikoaz babestu nahi dute beren burua. Beste mezurik ez dute. Eta gainerako abertzaleei errua botatzearekin osatzen dute.

EHNAMek aukerak izan ditu bere etorkizunaren norabidea eta gure Herriarenarena zuzentzeko. Baina batzuen buru-argitasuna berandu iritsi da; oso litekeena da, gainera, barruan dituzten arerio politikoekin epe laburreko helburu batean bat etortzea: batzuek zein besteek abstentzioa eskatuko dute Gasteizko Legebiltzarraren hauteskundeetarako. Biek ere nahi dute beren masa soziala trinko mantendu, herritar horiek gero eta gutxiago fidatzen baitira beren buruzagiekin; nahi dute, batez ere, desmobilizazio horrek ahalik eta eragin handiena izatea alderdi abertzale guztiengan.

Ezker Abertzaleko betiereko buruzagi bati aspaldi honetan argitaratu dioten artikulu bat (azkena) irakurtzea besterik ez dago ohartzeko oraindik autokritika egiteko batere asmorik ez dutela. Indarrak metatzeko aldarria egitea, gaur egun, zinismo politiko hutsa da. Gainera, estrategia hori ez da berria; Aukera Guztiak plataformak erabili zuen. Independentziaren aldekook batera eta ETA ez balego bezala jokatzea nahi izatea tranpa politiko-militarra hedatzea da. Gure herrian beste pertsona batzuek ere sufritzen dutela “argudiatuta” ETAren azken ekintzak ez arbuiatzea argudiorik ez izatearen adierazlea da. Hauteskunde aurreko giro honetan, batasunaren aldeko aldarria egitea baliabide higatua da. Hori dela eta, azken kartutxoa erreko dute berriro ere: herritarrak “aktibatzea”, beraiengana jota. Pertsona “ezagunekin” zerrendak apailatuko dituzte, eta legez kanpo geratu ondoren, ahalik eta jende gehiena desmobilizatuko dute, abstentzioaren bidez, argi dago. Zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto. Askorentzat ondo ezaguna da abstentzio aktiboak gainerako alderdi politikoei ere eragiten diela Euskal Herrian. Nire iritziz, batzuentzat, hori da berez helburua, eta ez kalte kolaterala.
Bestalde, logika fundamentalista ez da ulertzen erraza. Aurrerantzean ere ez dute ezertxo ere eraiki nahi izango gaur egungo esparru juridiko-politikotik abiatuta. Etsaitzat joko dituzte, esparru hori gainditzeko, egunero esparru horretatik politikoki borroka egin beharra eta gure Herriaren bizi-baldintzak hobetzeko gizarte-politikak bultzatu beharra dagoela pentsatzen dutenak.

Funtsean, denbora irabaztea da gakoa, ekimen bat berbideratu nahirik, ekimen hori, zati batean, bere buruaren biktima bada ere. Gainerako alderdi politikoen porrota bilatu nahi da, katarsi kolektibo bat gerta dadin, bere porrota justifikatuko lukeena.

Horretarako, EA erabiltzeko batere zalantzarik ez dute izango , EA mespretxatzen badute ere, Aralar gorrotatzen duten neurri berean, bere konplexu politikoen adierazle nagusia izatearren. EAJ ahultzea da bidea, bai eta Aralarren ezein aurrerakada etetea ere, EAk bizirik irauteko behar duen “kanibalismoa” baliatuta. Helburu hori dute hurrengo hauteskundeetarako, politika arloan behin eta berriro gaitasunik ez dutela erakutsi duten buruzagi horiek.

“Guk uste bezala ez da gertatzen ari, guk uste genuena ez da gertatzen ari. Baina, nola arraio iritsi gara egoera honetara?”. Legez kanporatzea bidegabea izan arren, galdera horri erantzun egin behar diote. Bene-benetan nahi nuke hemen konponbidea, Txetxenian edo Palestinan ez bezala, gure Herriaren zapaltzaileek nahi dutena izango ez balitz, alegia fundamentalismoa eta kainismo politikoa izango ez balitz. Zapaltzaileen ekintzak odoltsuak izango dira, bai, eta demokraziaren ikuspegitik guztiz justifikaezinak ere bai, baina ez dute sekula justifikatuko aspaldi zuzenduta egon beharko zuen bide bat.

Alex Larragoiti
Aralarreko kidea