
Oraindik baten batzuek sinesten genuen (lañoak ginen gero!) ezen ETA, Ezker Abertzalearen zati handi baten ekimen-ahalmena loturik daukana, nora ezean ibili arren, nora ez politiko horrek mugak izango zituela.
Beste leku batzuetan dagoeneko gertatu da, bai, besteak beste, Palestinan eta Txetxenian: fundamentalismoa eta estremismoa, estatuek behar bezala bultzatu eta erabiliz gero, herriaren etsai handienak bihurtu dira, haren alde egin nahi izan badute ere.
Euskal Herrian, itxura guztien arabera, ekimen politikoa besteren eskuetan utzi zutenen kontrako bihurtu da dena. Ematen du, era berean, pertsona horiek, Ezker Abertzalearen barne-eztabaidan oso garrantzitsuak ziren garai batzuetan, logika politiko-militarretik etekina atera zutela, logika hori nagusi baitzen bertan. Orain beren estrategiaren biktima dira. Belaunaldi berriek, kainismo politikotik behar bezalako fundamentalismoa hartuta, murriztu egiten dute ahalmen handiena duten buruzagien ekimen politikoa. Logika politiko-militar horren azpian egoteari garai batean uko egin genionok eta logika hori agortuta dagoela ohartu direnek ondotxo dakigu ETAren borroka armatua lehenbailehen bukatu behar dela. Badakigu, orobat, gure herria independentziara eramango duen bidea politikoa baizik ezin daitekeela izan eta Ezker Abertzalea demokratizatu gabe indarrak batzerik ez dagoela. Gizarteak, instrumentalizazio guztien gainetik, amnistiaren aldarrikapena bere egiteaz batera, presoak kalera aterako dira. Ezker Abertzaleko “aztiei” hamaika elkarrizketa egiten zaizkie, eta elkarrizketa horietan asmo kitzikagarriak agertzen dituzte, marketina darien asmoak, baina politika errealaren aldetik batere edukirik ez dutenak; hala eta guztiz ere, dena argi dago.
Baina orain nola hausnarrarazi buruzagi politiko horiek, eremu politiko oso baten ekimen politiko eta psikologikoaren jabe direla badakiten horiek? Amildegia hortxe bertan dago. Gehiengoa abangoardiari gailentzeko gauza izango al da? Nekez. Irlandan ez bezala, egoera tamalgarri honetan estatuek ez dute barneko adostasuna bultzatu nahi, negoziazio aldi berri bat bideratze aldera. Itxaron nahiago dute, fruta heldua berez jauzi arte.
Bitartean, kalkulu politikoan egindako errakuntza izugarria agerian geratu ondoren, orain denbora irabazten saiatzen ari dira. Estatuen erantzun antidemokratikoaz babestu nahi dute beren burua. Beste mezurik ez dute. Eta gainerako abertzaleei errua botatzearekin osatzen dute.
EHNAMek aukerak izan ditu bere etorkizunaren norabidea eta gure Herriarenarena zuzentzeko. Baina batzuen buru-argitasuna berandu iritsi da; oso litekeena da, gainera, barruan dituzten arerio politikoekin epe laburreko helburu batean bat etortzea: batzuek zein besteek abstentzioa eskatuko dute Gasteizko Legebiltzarraren hauteskundeetarako. Biek ere nahi dute beren masa soziala trinko mantendu, herritar horiek gero eta gutxiago fidatzen baitira beren buruzagiekin; nahi dute, batez ere, desmobilizazio horrek ahalik eta eragin handiena izatea alderdi abertzale guztiengan.
Ezker Abertzaleko betiereko buruzagi bati aspaldi honetan argitaratu dioten artikulu bat (azkena) irakurtzea besterik ez dago ohartzeko oraindik autokritika egiteko batere asmorik ez dutela. Indarrak metatzeko aldarria egitea, gaur egun, zinismo politiko hutsa da. Gainera, estrategia hori ez da berria; Aukera Guztiak plataformak erabili zuen. Independentziaren aldekook batera eta ETA ez balego bezala jokatzea nahi izatea tranpa politiko-militarra hedatzea da. Gure herrian beste pertsona batzuek ere sufritzen dutela “argudiatuta” ETAren azken ekintzak ez arbuiatzea argudiorik ez izatearen adierazlea da. Hauteskunde aurreko giro honetan, batasunaren aldeko aldarria egitea baliabide higatua da. Hori dela eta, azken kartutxoa erreko dute berriro ere: herritarrak “aktibatzea”, beraiengana jota. Pertsona “ezagunekin” zerrendak apailatuko dituzte, eta legez kanpo geratu ondoren, ahalik eta jende gehiena desmobilizatuko dute, abstentzioaren bidez, argi dago. Zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto. Askorentzat ondo ezaguna da abstentzio aktiboak gainerako alderdi politikoei ere eragiten diela Euskal Herrian. Nire iritziz, batzuentzat, hori da berez helburua, eta ez kalte kolaterala.
Bestalde, logika fundamentalista ez da ulertzen erraza. Aurrerantzean ere ez dute ezertxo ere eraiki nahi izango gaur egungo esparru juridiko-politikotik abiatuta. Etsaitzat joko dituzte, esparru hori gainditzeko, egunero esparru horretatik politikoki borroka egin beharra eta gure Herriaren bizi-baldintzak hobetzeko gizarte-politikak bultzatu beharra dagoela pentsatzen dutenak.
Funtsean, denbora irabaztea da gakoa, ekimen bat berbideratu nahirik, ekimen hori, zati batean, bere buruaren biktima bada ere. Gainerako alderdi politikoen porrota bilatu nahi da, katarsi kolektibo bat gerta dadin, bere porrota justifikatuko lukeena.
Horretarako, EA erabiltzeko batere zalantzarik ez dute izango , EA mespretxatzen badute ere, Aralar gorrotatzen duten neurri berean, bere konplexu politikoen adierazle nagusia izatearren. EAJ ahultzea da bidea, bai eta Aralarren ezein aurrerakada etetea ere, EAk bizirik irauteko behar duen “kanibalismoa” baliatuta. Helburu hori dute hurrengo hauteskundeetarako, politika arloan behin eta berriro gaitasunik ez dutela erakutsi duten buruzagi horiek.
“Guk uste bezala ez da gertatzen ari, guk uste genuena ez da gertatzen ari. Baina, nola arraio iritsi gara egoera honetara?”. Legez kanporatzea bidegabea izan arren, galdera horri erantzun egin behar diote. Bene-benetan nahi nuke hemen konponbidea, Txetxenian edo Palestinan ez bezala, gure Herriaren zapaltzaileek nahi dutena izango ez balitz, alegia fundamentalismoa eta kainismo politikoa izango ez balitz. Zapaltzaileen ekintzak odoltsuak izango dira, bai, eta demokraziaren ikuspegitik guztiz justifikaezinak ere bai, baina ez dute sekula justifikatuko aspaldi zuzenduta egon beharko zuen bide bat.
Alex Larragoiti
Aralarreko kidea
urtarrila 18th, 2009 | Tags: Aralar, E.T.A., Ezker Abertzalea, hauteskundeak | Category: E.T.A., ezker abertzalea | Leave a comment