Zazpi. Bai, zazpi hilabete daramatza Patxi Lopezek Ajuria Enean. Dagoeneko, batzuei kontuak ez zaizkie ateratzen. Jose Antonio Pastorri eta Alberto Suriori, adibidez. Harrituta daude. Euskobarometroak, alde batetik, eta EGM Hedabideen Azterketa Orokorrak, bestetik, emandako datuak ez dituzte konprenitzen. Ez dakite zer gertatu den. Azterketa soziologikoaren arabera, EAEko populazioak ez du batere estimatzen Lopezen lana. Honatx buruzagi sozialistaren interpretazioa: «Agian, ez dugu asmatu gure mezua jendeari behar bezala helarazten». EITBko zuzendari nagusia, ordea, kaustikoagoa izan da: «Ez dakigu zer gertatu den audientziak horrenbeste jaisteko. Itxaron behar da». Zazpi hilabete, ordea, tarte egokia da ondorio batzuk ateratzeko.
Jaurlaritzaz
Fikzioa eta errealitatea nahastea ez da batere gomendagarria, are gutxiago politikan. Horrelako zerbait gertatu zaio Lopezen Gobernuari. Sozialistek ahaztu egin dute trukatutako argazki bati esker gobernatzen ari direla, eta ez herri borondate soilari esker. Sinetsarazi nahi digute beraiek -PSEk eta PPk- herri honen gehiengoa ordezkatzen dutela. Artilleria osoa erabili dute ahalegin horretan. Lurrez, airez zein itsasoz.
«Gobernu identitarioaren obsesioak» kritikatzen zituzten berberek orain euren nortasun integratzailea inposatu digute: «Agur Euskal Herriaren ametsari; izan bitez ongi etorriak Errioxa eta Kantabriako mapak, datozela hona Espainiako futbol selekzioa eta Espainiako bira, biba Espaniako erregea eta Espainiako albisteak». Osborneko zezenak adarrak ditu ikusgai.
Mezuak karranka egiten du. Ez mezua behar bezala transmititzen ez jakiteak, Pastorrek esan duen bezala. Mezua bera da arazo. Beraiek ere sinesten ez duten fikzioa sinetsarazi nahi digute beste guztioi, modu iruzurtiaz, gainera. Non da Estatutuaren erreforma? Eta zorioneko transbertsalitatea?
Mezuaz gain, formek ere krak egin dute. PPk eta PSEk EITBko hedabideetan egin dituzten kargugabetze eta izendapenak beste alderdi batek egin izan balitu, honezkero «garbiketa etnikoaz» hitz egiten egongo ginateke. Baina, ez. Hemen dena normala ei da. Eta modernoa, jakina.
Lopezen Gobernua ahula da oso. Irudikerian oinarritutako exekutiboa da. Ez da sendoa. Antigoaleko eskuin espainiarren gatibu dago. Enkarterriko meatzarien ekarria A-8ko ordainlekuan utzi dute. Zenbat iraungo duen? Oposizioaren esku dago.
Oposizioaz
Oposizioak, gauzak benetan aldatu nahi baditu, kemen eta ausardia handiagoz jokatu beharko luke, nire aburuz. Eta eraginkorragoa izan. EAJ berezkoa duen anbiguotasun kalkulatuan dabil: gai dira gaur Rodolfo Aresen kudeaketa gogor kritikatzeko eta biharamunean eurekin aurrekontuak adosteko. Ajuria Enetik at hotz galanta egiten du. Nabarmena da.
Legebiltzarreko oposizioko gainerako alderdiak -Aralar, EA eta EB- fin ari dira, bakoitza bere esparrutik, kritikak eginez eta proposamenak aurkeztuz, baina mediatikoki oso mugatuta dute euren oihartzuna.
Dena den, kabala hauek errotik aldatuko lirateke ETAk bihar armak behin betiko utziko dituela iragarriko balu. Iragarpen soilak dardaraz jarriko luke Lopezen Gobernua. Kirioak dantzan. Nago ETAren osteko panorama beldurgarriagoa zaiola estatuari orain dagoena baino. Estatuak nahiago du maila baxuko konfrontazio armatua, konfrontazio soilik demokratikoa baino. Otsailean argituko omen da inkognita. Orduan jakingo omen dugu hitz soila arma bihurtzen ote den edo, oraindik ere, arma bera ote den hitza. ELAk hiru hitzez laburtu du bere diagnostikoa, zehatza oso: «Estatu arrazoia indargabetu». Aspaldion, eta oso sektore desberdinetatik, gogoeta bera zabaltzen ari da: Balia gaitezen soil-soilik geure indar zibil apur edo handiez, gehiengoa seduzituz, lana eginez, hemen eta Europan. Katalunian egiten ari diren bezala, Eskozian iragarri duten moduan.
Ziur naiz norabide horretan dauden indar guztiak hauspotuko balira, batera ufa eginez -bertsolariek BECen egin zuten antzera-, orduan sortuko litzatekeen enbatak zeharo eraldatuko lukeela egungo panorama etsigarria. Seguru.
Txema Ramirez de la Piscina, profesor de la EHU-UPV
abenduak 30, 2009 | Tags: E.T.A., Eusko Jaurlaritza, Patxi López | Gaia: E.T.A., guztizko - general | Utzi zure iritzia